Proiektu honen helburua Ingurune Birtual Murgiltzaile (IBM) bat sortzea da, “Gure bizitzaren bidaia” izenekoa. Espazio horretan, estimulazio kognitiboa, erregulazio emozionala eta gizarteratzea lantzeko esperientzia murgiltzaile eta zentzumen-anitzekoak eskaintzen dira, kasu bakoitzera egokituta. Proiekzio inguratzaileak, 3D soinua, usain-difusoreak eta teknologia interaktiboa (ukipen-mahai bat, esaterako) uztartzen dira, pertsona bakoitzaren araberako esperientzia terapeutiko esanguratsuak sortu ahal izateko.
RECONECTAR proiektuaren berrikuntzen artean, komunitate koterapeutiko baten osaketa nabarmentzen da. Bertan, senideek, lagunek, auzokideek eta tokiko erakundeek elkarlanean dihardute, erabiltzaile bakoitzarentzat eduki pertsonalizatuak proposatuz eta garatuz. Modu horretan, Hartutako Kalte Zerebrala duten pertsonek, haientzat garrantzitsuak diren estimulu terapeutikoak jasotzeaz gain, harreman afektiboak mantendu eta nortasuna zein komunitate-sentimendua sendotzeko aukera dute.
HKZ duten pertsonen funtzionaltasuna eta bizi-kalitatea hobetzearekin batera, proiektuak errehabilitazioa ulertzeko modu berri bat sustatzen du, inguruneak eta komunitateak prozesuan izan dezaketen garrantzia azpimarratzen duena. Teknologia, lotura emozionala eta parte-hartze soziala elkarrekin uztartuz, RECONECTAR ekimenak errehabilitazioaren humanizazioaren aldeko apustua egiten du eta, era berean, pertsonen eta haien familien bizitzan eragin positiboa izatea bilatzen du.
Proiektuak BBVA Futuro Sostenible funtsaren dirulaguntza jaso du.
