ViviFrail

Adecenek Vivifrail sistema ebaluatzeko azterlan hori bultzatu du. Sistema Mikel Izquierdo Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzietako Departamentu-buruak garatu du, nazioarteko hainbat erakunderekin elkarlanean.

ViviFrail ariketa fisikoa egiteko programa osagai anitza da, eta bereziki diseinatuta dago narriadura funtzional arinetik moderatura bitartera duten edo izateko arriskua duten adinekoentzat, bai eta erori izan diren edo erorikoak izateko arriskua dutenentzat ere. Bi helburu nagusi ditu: erortzeko arriskua murriztea eta hauskortasuna saihestea. Gainera, indarra, ibiltzeko gaitasuna eta oreka hobetzen ditu, eta erortzeko posibilitatea iragartzeko aukera ematen du.

Programak ariketa eta berariazko jarraibideak zehazten ditu balorazio funtzionaleko eskala desberdinak dituzten pertsonendako. Vivifrailek hainbat urte badaramatza ere mundu osoan garatzen eta oso emaitza positiboak dituen arren, oso ikerketa gutxik ebaluatu dute zer-nolako eraginkortasuna duen dementzia edo iktusa duten pertsonengan.

2019an, onurak ikusirik, hartutako garun kaltea duten erabiltzaileen artean hasi zen Adacen lan mota hori ezartzen, kalte neurologikoa duten pertsonei benetan mesede egiten ote dien ikusteko. Guztira 60 pertsonak (Adaceneko 40 eta Josefina Arregui Klinikako 20) jasotzen dituzte zuzenean programaren onurak; astean hiruzpalau saio dira, fisioterapeuten eta terapeuta okupazionalen eskutik, medikuek ikuskaturik; bada, dagoeneko aurrerapenak ikusten ari dira. Movalsys arduratzen da ebaluazio-sistemak diseinatzeaz.

Nafarroan, Nafarroako Ospitale Guneko Geriatria Unitatean ospitaleratutako pertsonei aplikatu zaie, eta emaitza onak izan dira. Adaceneko proiektua berritzailea da, batetik, desgaitasun neurologikoa duten pertsonei aplikatzen zaielako, eta, bestetik, paziente horien egoera kronikoa kontuan hartuta, ospitale esparruan baino denboraldi luzeagoetarako joaten direlako gizarte eta osasun arloko arreta baliabideetara (bederatzi hilabetetik gora), eta horrek metodologiaren eraginkortasuna probatzeko aukera emanen du. Gainera, Altsasuko Josefina Arregui klinikaren parte-hartzeari esker, proiektua aldi berean garatzen da landa eta hiri inguruneetan. Ezberdinak dira, halaber, bi zentroetako erabiltzaileen patologiak; hartutako garun kaltea Adacenen, eta dementziak eta beste gaixotasun psikiatriko batzuk Josefina Arreguin.
ViviFrail aplikatuz, bi erakundeen xedea zertxobait desberdina da programaren hasierako helburuen aldean: izan ere, haien helburuak dira mugiezintasunak berez dakarren narriadura geldiaraztea, erabiltzaileak fisikoki aktiboago mantentzea, eta haien osasuna eta ongizatea hobetzea.

Proiektu finantzatzailea:
 

Scroll to Top