Programa pilotua talde diziplina anitzen bitartez garatzen da, inguru bakoitzeko Oinarrizko Laguntzako medikuek gainbegiraturik. Taldeok ibiltariak dira.
Proiektua ahalbidetze aldera, inguru horiek guztiak ADACENeko baliabide teknologikoz eta neuroerrehabilitazioan adituak diren hainbat langilez hornitu dira; zehazki, adituak dira fisioterapian, neuropsikologian eta logopedian.
Inguru bakoitzeko gizarte eta osasun arloko langileek, hau da, medikuek, erizainek, gizarte-langileek eta gizarte-zerbitzuetakoak, bai eta ADACENeko langile horiek eta proiektu pilotuan ari diren adinekoen egoitzako profesionalek ere, guztiek erabakitzen dute zer baliabide erabili eta nola, proiektuak artatzen dituen pertsonen beharren arabera, eta kontuan harturik zer eragin espero den eta zer-nolako eraginkortasuna duten inguru bakoitzeko zerbitzuek.
Batetik, Hubs edo gune teknologikoak ezarri dira bi eskualde horietako adinekoen egoitzetan; bada, profesionalak haietara konektatu daitezke osasun datuak monitorizatzeko eta ematen diren fisioterapia eta neurroerrehabilitazio saioen jarraipena urrutitik egiteko.
Sistemak bizi-konstanteak online monitorizatzeko bidea ematen du etxeetan, hala nola arteria-tentsioa, oxigeno-saturazioa, maiztasun kardiakoa, gorputz tenperatura, pisua eta gluzemia. Tresnak, zehazki, pazienteak berak edo zaintzaile nagusiak erabiltzen ditu, eta medikuak ordenagailuan edo mugikorrean kontsultatzen duen online plataforma batera pasatzen dira. Plataformak, gainera, alerta-maila zehatzak ditu, eta, haien gainetik, abisuak jotzen du. Egoitzetan, erizaintza arloa arduratzen da bizi-konstanteak hartzeaz eta gailu mugikorretan erregistratzeaz.
Bestalde, fisioterapia eta neurorrehabilitazio saioak eskaintzen dira, ADACENeko profesionalek zuzenduak. Proiektuaren lehen fase honetan, aurrez aurre egin dira bai etxeetan, bai egoitzetan. Horrez gain, online esperientzia hasi da, astean behin, Erroibarren, eta emaitzak onak izan dira.
Cascanten, logopedia saioak ere online dira. Proiektua garatzen den bitartean, gainera, erabakiko dute erantsi edo probatu nahi ote dituzten eskura dauden beste baliabide batzuk, eta eragile parte-hartzaile guztiek aldaketak eta hobekuntzak proposatu ditzakete. Azken buruan, egungo eskaintza osa dezaketen zerbitzuak zehaztea eta testatzea da kontua.
Abantailak
Acercar proiektuak honakoetarako aukera ematen du:
- Pertsona hauskorrengan patologia kronikoen jarraipen handiagoa egiteko.
- Hobekuntzak egiteko, bai tratamenduen ondorio kaltegarrien prebentzioan, bai pertsonen eta senideen lasaitasunean, une oro monitorizatuta daudela jakitearen ondorioz.
- Sistema segurua, azkarra, erosoa eta erabilerraza da.
- Suspertze funtzionala hobetzeko, fisioterapiaren eta logopediaren jarraipenaren ondorioz.
- Patologia kronikoen jarraipen-eredu berriak pilotatzeko, teknologiak lagundurik.
- Pazienteen eta profesionalen gogobetetzea eragiteko.
