VYSIUM HEALTH I+G proiektuak gailu mediko multisentsorial berritzaile bat garatuko du, iktusa izan duten pertsonengan heminegligentziak eta bestelako kalte zerebralak detektatu eta modu pertsonalizatuan tratatzeko. Ekimenak Errealitate Mistoaren eta Adimen Artifizialaren teknologiak uztartzen ditu, errehabilitazio neurologikoko prozesuak optimizatzeko eta pertsona kaltetuen funtzionaltasuna eta autonomia hobetzeko helburuarekin.
Proiektuak heminegligentziaren diagnostiko eta tratamendurako tresna eraginkorragoen beharrari erantzuten dio. Nahasmendu hori ohikoa da iktus baten ondoren, eta espazioaren alde bateko estimuluak hautemateko eta arreta jartzeko gaitasunean eragiten du. VYSIUM HEALTHek proposatzen duen irtenbide teknologiko aurreratuak terapiak pertsona bakoitzaren behar espezifikoetara egokitzea ahalbidetuko du, tratamenduak modu dinamikoan doituz bilakaera klinikoaren arabera.
Partzuergoa Ysium Medical, S.L. enpresak gidatzen du, gailu mediko berritzaileen diseinuan eta garapenean espezializatutako startup teknologikoak. Bertan parte hartzen dute, halaber, Data Value Management, S.L. enpresak, adimen artifizialean eta analitika aurreratuan adituak; Zamarripa Ópticos – JUANDAHU, S.L. enpresak, optometria aurreratuan eta ikusmen-terapietan erreferentea; Ikerketa Mediko Aplikaturako Fundazioak (FIMA/CIMA); Nafarroako Unibertsitateak, ikerketa klinikoan eta neuropsikologian zentratuta; Nafarroako Unibertsitate Publikoak, teknologia haptikoetan, auditiboetan eta prototipazioan espezializatuta; Nafarroako Garuneko Kaltearen Elkarteak (ADACEN), errehabilitazio neurologikoan eta pazienteekin egindako balidazio klinikoan esperientzia duena; eta Navarra Health Clústerrek, proiektuaren komunikazioa, zabalkundea eta datuen eta jabetza intelektualaren kudeaketa koordinatzen dituena.
Sustatzaileek aurreikusten dute teknologia aurreratuen integrazioak heminegligentziaren detekzio zehatzagoa eta errehabilitazioaren emaitzen hobekuntza nabarmena ekarriko dituela. Horrek lagunduko du familien eta osasun-profesionalen gain dagoen arreta-karga murrizten, baita iktusaren tratamenduarekin lotutako kostuak ere; izan ere, iktusa desgaitasunaren eta heriotzaren kausa nagusietako bat da.
Osasun arloko eraginaz gain, VYSIUM HEALTHek eragin zuzena izango du lurraldeko ekonomian, Nafarroa osasun digitalaren eta teknologia sanitarioaren arloko berrikuntza-gune gisa sendotuz. Proiektuak enpresen, unibertsitateen eta ikerketa-zentroen arteko lankidetza sustatuko du, ezagutzaren transferentzia indartuko du eta enplegu kualifikatuaren sorrera eta parte hartzen duten erakundeen nazioartekotzea bultzatuko ditu.
Proiektua 2025eko ekainaren 1etik 2027ko abenduaren 31ra bitartean garatuko da.
