Camino de Zolina s/n - 31192 Mutilva Baja (Navarra) - 948 176 560 - info@adacen.org
Castellano   Euskara   English  
             
Gaurkotasuna
Materialak
Jarduera
Kanpainak
Buletinak
28/10/2019
Compartir en   Facebook | Twitter | LinkedIn
CEINek bat egin du iktusa enpresan prebenitzeko kanpainarekin
Bihar, Iktusaren Eguna dela eta, prestakuntza bereziko saio bat egin dute gaur    
Nafarroako Berrikuntza eta Enpresen Europako Zentroko hogeita hamar langilek parte hartu dute gaur Adacen elkarteak, iazko apirilaz geroztik, Mutua Navarrarekin elkarlanean ematen duen prestakuntza ekintzetako batean. Bihar, Iktusaren Eguna izanen da, eta horren karira, Adacenek, halaber, iragarri du kanpaina berehala irekiko zaiola gizarte osoari.

Gaurko tailerraren bidez, CEINek bat egin du Adacenek, Mutua Navarrarekin elkarlanean, 2018an abiarazitako kanpainarekin. Izan ere, Adacen elkarteko profesional batek hitzaldi bat eman die Ceineko langileei eta, horrez gain, bideo animatu bat ikusi dute gaitzaren sintomak azaltzeko eta prebentzioren xehetasunen berri emateko. Beste bideo batean, gainera, lan adinean iktusa pairatu duten hiru gaztek beren esperientzia kontatu diete. Bukaeran, iktusari buruzko informaziorik garrantzitsuena biltzen duen foileto bat eman zaie, etxekoei ere erakusteko; horrela, gero eta jende gehiagok jakinen du noiz agertu zaion iktusa pertsona bati.

Bestalde, Adacenek iragarri du kanpaina nafar gizarte guztiari zabalduko zaiola datozen hileetan, informazio-materialak noranahi zabalduta.

Aurten, 1.500etik gora langilerengana iritsi da
Guztira, 53 enpresak eta 1.500 lagunek baino gehiagok parte hartu dute iktusa atzeman eta prebenitzeko saioetan. Saioak Adacenek eman ditu urte osoan, Mutua Navarrarekin elkarlanean. Gainera, Adacenek iragarri du kanpaina nafar gizarte osoarengana zabalduko dela datozen hilabeteotan, informazio-materialak noranahi hedatuta. Ekimena iazko otsailean abiarazi zenetik hona, 90 tailer eman dira, eta Nafarroako enpresa eta erakunde publikoetako 2.500 langilerengana iritsi dira. Enpresek arras ontzat jo dute ekimena, eta gainera, estresaren gaia langileen artean lantzeko tailerrak eskatu dizkiote Adaceni.
Bestetik, Mutua Navarrak 1.100etik gora kartel paratu ditu enpresaz enpresa, eta milaka flyer banatu, bai eta hitzaldietan erabiltzen den bideo animatua ere.

Mutua Navarra ere ari da kanpainan parte hartzen, bere “Enpresa Osasungarria” izeneko programaren baitan, hain zuzen, Nafarroako enpresetako langileen artean osasuna zaintzea sustatzeko asmoz.
Kanpainan erabilitako materialek era grafikoan azaltzen dituzte iktusa pairatzen ari diren pertsonek dauzkaten sintomarik ohikoenak, eta zehatz-mehatz esaten dute zer egin eta zer ez kasuren bat ikusten badugu, prebentzio-ekintzak azaltzearekin batera. Diotenez, garrantzitsuena 112ra deitzea da iktus-kodea aktibatzeko, hots, berariazko protokolo bat da, Nafarroako Osasun Zerbitzuak bultzatua, gaitz hori berehalakoan eta premia osoz artatzeko. Azpimarratu behar da iktus pronostikoak zuzeneko lotura duela diagnosiaren eta tratamendu egokia aplikatzen hastearen artean pasatzen den denborarekin.

Jakingo al zenuke iktus bat bereizten?
Pertsonen % 60k baino gehiagok ez lukete bereizten jakingo ondoan duten laguna iktusa izaten ari ote den. Gainerako % 40 horien artean, erdiek ez lukete larrialdi zerbitzuetara deituko. Horra zein den egoera; eta larrialdietara berehalakoan ez joateak heriotza eragin dezake edota are larriagoak izan daitezke ezbehar garun-baskularraren ondorioz sortu diren lesio kronikoak. Iktusak, gainera, gero eta jende gazteagoari erasaten dio, lan adinean. Izan ere, lehen desgaitasun eragilea da helduen artean, eta infartuekin batera, lehen heriotza eragilea lan ingurunean. Urtero, 130.000 kasu berri gertatzen dira Espainian ezbehar garun-baskularretan; kasuen % 30en heriotza eragiten du, eta desgaitasun larria, kasuen % 40n.
Horregatik, eta iktusen % 80 prebenitzeko modukoak direlako bizimodu osasungarria eginez gero, Adacenek eta Mutua Navarrak kanpaina hori abiarazi zuten 2018ko otsailean, enpresetan materiala banatzeko eta langileendako tailerrak egiteko. Haien bidez, zehatz-mehatz azaltzen zaie langileei nola bereizi iktus bat, zer arrisku faktore dauden eta zer prebentzio neurri. Neurriak bizitza osoan hartu behar dira kontuan.

Iktusaren sintomak

Hona hemen inor iktusa pairatzen ari dela adierazten duten sintomak:  
-    Buruko min handia, bat-batean hasitakoa, ohikoaz bestelakoa.
-    Indarra eta sentikortasuna galtzea edota koordinazioa murriztea gorputz erdian.
-    Ikusmena bere osoan edo hein batean galtzea edota ikusmen lausoa
-    Aurpegiko sentikortasuna galtzea
-    Zailtasunak hitz egiteko edota besteek esandakoa ulertzeko.

Horrelako sintomak ikustekotan edo pairatzekotan, berehala 112ra deitu behar da.